viernes, 4 de mayo de 2018

ALKIZAKO IRUDIGILEEN TOPAKETA

BARNE GATAZKAK ASKATZEKO IBILBIDEA

Naiara Delgado artistak “Barne gatazkak askatzeko ibilbidea” egingo du NATURA, GIZAKIA eta ARTEA irudigileen Topaketan.
Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak 5 urte beteko ditu aurten eta horren harira, "Natura, Gizakia eta Artea" irudigileen topaketa egingo dugu maiatzaren 26an .
Fagus Alkizak urteak daramatza natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kulturaren inguruan hausnartzen eta hori babestu eta indartzeko lanean. Hala, hiru elemetu horiek ardatz moduan harturik, irudiarekin lan egiten duten artistak elkartu nahi ditugu, egunean zehar bakoitzak bere esparruko lan bat sortu dezan.
Topaketa hau herritarrentzako ez ezik, artistentzako ere erakusleiho bat izatea nahi dugu. Batetik, herritarrek artisten sortze prozesua nolakoa den ikusteko aukera izango dute bertatik-bertara. Bestetik, artearen esparru ezberdinetan diharduten emakume zein gizonezkoek elkarren berri izan eta ideiak, galderak, proposamenak e.a. partekatzeko espazio bat eskainiko zaie bertaratzen diren sortzaileei.
Topaketa Alkizako gune ezberdinetan gauzatuko da eta bestek-beste, Koldobika Jauregi eskulturgile ezagunaren Ur mara museora ere zabalduko da sorkuntza gunea.
Tolosaldeko zein Gipuzkoa osoko artistei gonbidapena luzatzea erabaki dugu, Topaketa hau eskualderako ez ezik, Gipuzkoa osorako ere erakusleihoa izatea nahi baitugu. Irudiaren esparru ezberdinetako artistak, emakume zein gizonak, gazteak eta ez horren gazteak elkartzea da gure xedea.
NAIARA DELGADO artista andoaindarrak “Barne gatazkak askatzeko ibilbidea” burutuko du Alkizako basoetan barna. Gure barruan ditugun mamu, beldur edo gatazkei aurre egin eta askatzeko ibilbidea izango da. Naturako lau elementuak, lurra, airea, ura eta sua baliabide bezala hartuko ditu bere barruko gatazkak askatzeko. 
Zuk ere “Barne gatazkak askatzeko ibilbidea” egin nahi baduzu jarri gurekin harremanetan. Naiara Delgado artistarekin batera ibilbidea egin dezakezu, ikusle moduan eta baita artista moduan ere. Kuaderno bat eta gustokoen dituzun margoak eraman eta egin zeure artelana Hernio mendiaren magalean! 
MAIATZAREN 26an Alkiza irudigileen topalekua bihurtuko da. Ander Ortiz de Zarate, Ainara Azpiazu, Idoia Neves, Ibon Odriozola, Iban Gurrutxaga, Maria Altuna… Alkizan izango dira. Eta zuk, kale egingo al duzu?
kultura@alkiza.eus

Telefonoa: 688 604 466


No hay comentarios:

Publicar un comentario